Klaretar
   TOKIA: Euskara
Berriak
Berriak
Agenda
Argazkiak
Estekak
Pastoraltza
GBP: Gazte bokazio pastoraltza
Parrokiak
Sortarazi
Kurkudi
Kristau Hezikuntza
Klaretar Ikastetxeen Idearioa
Gure Ikastetxeak
Ikastetxeetako irakasleen prestaketa
Irakasle berrien prestaketa
Klaretar anaidiei informazioa
Ipar Potosiko Misioa
Kokapena
Historia
Proiektuak
Ekintzak
Misio enklabeak

  icono titulo  EUSKAL HERRIA PROBINTZIAKO KLARETARREN ERROMESALDIA CLARET-EN JAIOTZE BERREHUN URTEALDIAN

 

Topaketa honen irudiak hemen topatuko dituzue.

 

Gobernu Probintzialak antolatuta, 2008 urtea hasi bezain laster –urtarrilaren 2tik 5era- Euskal Herriko 22 klaretarrek egin dute Claret-en sorterrirako talde erromesaldia. Beste urtetan garai honetan Askartzan Probintziako Bilkura egin ohi da zenbait gai jorratuz. Aurtengo urtemuga berezia zenez, Claret-en sorterrira joateko aukera bikaina gozatu izan dugu.

 

Urtarrilak 2, asteazkena

 

Askartzako ikastetxean eskola garraio zerbitzuko autobusetako bat Askartzatik irten zen bertotik goizeko bederatzi erdietan, hango klaretar batzuk hartuz. Bidean, Bilboko Zabalburu plazan, Aguraingo komentuan eta Larraonako ikastetxean igo ziren beste klaretarrak.

 

Eguerdiko hamabiak inguruan irten zen talde osoa Iruñako Larraonatik Lleidarako autobidea hartuz. Bidean hiru geldialdi egin ziren bi orduero: Nafarroako autopista geldiunean, Zaragoza alboko Sobradiel autobide-gunean, eta Lleidatik harantzagoko herri batean.

 

Ia bidaia osoa euria ari zuela egin ondoren, arratsaldeko zazpiak erdietan heldu ginen Vic-era. Han genuen zain Antoni Vilarrubias, hurrengo egunetan gidari lanak egingo zituen klaretarra. Igualada-ko seme eta Artearen Historia irakasle izandako hau, Claret-en sorterria ongi aski ezagutzen du. Baita Aita Sortzaileaz jakingarri historikoak menderatzen.

 

Iluntzeko zortziak eta erditan afari legea egin ondoren, A. Antoni Vilarrubias-ekin bildu ginen hurrengo egunetarako plangintza ezagutzeko. Zehatz prestatutako bisitaldien aipamena egin zigun. Eguna amaitzeko kaperan bezperak otoiztu genituen euskaraz eta gaztelaniaz, eguneko salmoak eta Eguberria aldiko abestiekin.

 

 

Urtarrilak 3, osteguna

 

Goizeko lehen ekitaldia Vic-eko eliza azpiko Kriptan Gorespenak eta meza saioa izan genuen. Joseba Kamiruagak zuzendu zuen meza, partaideen atzealdean A. Claret-en gorpu hilobiratua ikusgai zegoela.

 

Gosaldu ondoren, goiz osoa Vic-en eman genuen. Lehenik, klaretar egoitzako behe solairuan dagoen Klaretar Museoa ikusteari ekin genion. Santuaren hainbat erabilgarri pertsonalak (jantziak, apaingarri liturgikoak, berak idatzi ala argitaratutako liburuxkak…) Bisitaldi honen amaieran Vic-eko Seminarioaren antzinako argazkiak, eta halaber klaretarrei eman zitzaien Mertzedarioen komentua eta eliza, gerrate zibilean (inzibilean, ziotenaren arabera) birrindutakoak eta klaretarrek moldatu behar izandakoa.

 

Gero, duela lau urte zabaldu den CESC klaretar zentroan A. Claret-en liburutegiari bisitaldia egin zen, A. Antonio Bellella gidari zela. Berak azaldu zizkigun Claret-en ondare pertsonala zen bi mila liburutik gorako bilduma. Bere garaian zegoen bibliografia bikainetako liburu sorta, hainbat gai desberdinetakoak: teologia, biblia, historia, natur zientziak, geografia, lanbide teknikoak eta tresneria… Liburu bilduma bikain horrek frogatzen du zenbateraino zen A. Claret gizon irakurria. Gela berean erakusten dira A. Claret-ek argitaratutako liburuxka guztiak. Ondoko gelatan liburuxka horien hizkuntza desberdinetako edizioak, eta A. Claret buruz egindako ikerketa eta saiakera garrantzitsuenak. Guzti horren harira, A. Bellellak Claret-en gorabeherak argitu zizkigun. Batez ere, Kubako garaietatik hasi eta ondorengo gertakizunen aipamen baloratua: Kuban izandako arazo eta zailtasunak, Madrileko gortean jasandako irain eta esanera gaiztoak, bere sermolaritza jardueraren gutxitze eta idazketa lanaren areagotzea. Azkenik, Claret-en gainbehera fisiko eta animukoa, hainbat kontraesan eta ezbeharrekin borrokatu behar izateagatik.

 

Sortzailearen bi arlo azpimarratu zitzaizkigun: Claret-ek liburuei eta jakintzari eman zion garrantzia, eta gizarte tentsioen zorabioa. Egunotan behin eta berriro jakinarazi zitzaigun A. Claret-ek Ilustrazioaren muina zentzu bereziz bereganatu zuela, jakintzaren erabateko balioa kontutan hartuz.

 

Liburutegia ikusi ondoren, Claret-en bizitzako azken hamarkadetako argazki orijinalak ikusi ahal izan genituen. Argazkietan nabaritzen zen aurpegiaren iluntze eta neke progresiboa, itxura fisikoaren beherakada… handik gutxira Fontfroid-en jasango zuen hil aurreko enboliaren aurre-itxura penatua.

 

CESC zentroko solairu berberean, Arxiu Pairal-en, aurkitu genuen eta agurtu A. Joan Sidera. Laurogeita hamar urteko klaretar baliotsu hau oraindik ere A. Claret-en garaiko bibliografia ikertzen dihardu etenik gabe. Kongregazioaren lehen aldietako jakitun meritagarri honek hainbat ikerketa idazlanak ditu prestatuak, eta ordenagailuan sartuak. Laster argitaratuak izango al ditugu urteetako pazientziaz bildutako ikerketa horiek!

 

Eguerdirako Vic-eko kaleetan ginen, A. Vilarrubias-en gidaritzapean. Lehenik Katedrala bisitatu genuen. Han gotzain bezala sagaratua izan zen. Sert margolariaren oihal erraldoiak alboetako hormetan zintzilikatuta dirauten tenplu neoklasiko eta ilunean, bada plaka bat ezker alboko kapera batean. Leku horretan A. Claret-en gorpua gau oso batez beilatua izan zen Frantziatik ekarri zutenean. Katedrala alboan gotzainaren egoitza, nora A. Claret sarritan joaten zen gotzainarekin gaiak tratatzera. Ez genuen katedraleko klaustroa eta museoa ikusteko betarik izan. Kalera irtenda moja karmeliten komentura gerturatu ginen, barrura sartu gabe. A. Claret han hainbat hitzaldi emandakoa zen. Alde zaharrean barneratuz, seminarista garaian apopilo gisa egondako etxera ere hurbildu ginen.

 

Bazkal ondoren autobusa hartu eta inguruko lurraldera bideratu ginen, euria gero eta ugariago zen arratsalde iluntsu batetan. Vic herritik irteterakoan, bailara horretako nekazal tradizioa azaldu zigun A. Vilarrubias-ek. Baita 70ko hamarkadan herriak izandako krisialdi ekonomikoa. 80 hamarkadan ekonomiak burua jaso bazuen, Bartzelonako Joko Olinpikoen ostean -1992 urtean- ekonomia egora larrian aurkitu zen. Orain, ordea, Bartzelonarako errepide hobetua izan ondoren suspertze industriala ezagutzen ari da.

 

Claret-ek apaiz egin berritan lehenbizikoz predikatutako herriak bisitatu genituen: Espinelves, Viladrau, Seva eta Sta. Eugènia de Berga.

 

Espinelves: herri goia, baso-bailara batetan kokatua. Herrixkaren goialdean den gotiko goiztiarraren eliza txikiak iraganaren kutsu bizia du. Oraindik hemeretzigarren mendeko landa eremuetako giroa nabaria da.Bertan A. Vilarrubias-ek zehatz azaldu zuen Claret herritarren erlijiotasuna hobetzen egindako saioa: sinesmena jakintzaren mailara igo nahia, predikazio xume eta pedagogikoa bitartez. Sermoietan metafora ugari erabiltzen zuen, herriak irakaspenak oroimenean erraz finka zitzan. Aldi berean, Bartzelonako Climent gotzaina oso antzeko jarrera lantzea eskatzen zuen Ilustrazioaren erronkatik kanpo ez geratzeko. Apaizen prestakuntzaz ere asko arduratu ziren biak, ardatz iruditzen bazitzaien apaizgo prestatu bat izatea. Climent gotzainak, bere aldetik, behin eta berriro eskatzen zuen prozesioak ez zitezela agerraldi hutsa izan eta katekesiari garrantzia eman ziezaiotela. Parrokietako apaiz asko iraultzaileen borroketan zebiltzanez, parroki jarduerak etenik zeuden. Kristautasunaren iraupena familien heziketa bidez mantentzen zen, ahal moduan. Horrek gutxi landutako kristautasuna zekarren eta Claret biziki kezkatzen zuen.

 

Viladrau: herri handixeagoa. Baita eliza ere. Apaiztu ondorengo bere lehen parroki kargua izan zuen hemen Claret-ek: bikario orde edo laguntzaile. Tenplua, Napoleonen batailoiak eta gerrate zibilean erasoak jasandakoa; aldareko erretaularik gabe geratua. Ezker horman bai erretaula ederra. Zutabeen kapitelak zizelkatutako irudi mitologiko zahar bezain ederrak ditu. Itxuraldatu eta berritua dagoen tenplu honetan Vilarrubias-ek iraultza sozialetan eta gerrate zibilean asaldatutakoen grinen berri eman zigun: zeintzuk ziren langileek Elizari eta kristautasunari zioten gorrotoaren sustrai historikoak. Edo nola jardun zuen klase borrokaren su-pizte garratzak. Elizak ematen zuen aberatsen aldeko susmoa… A. Claret berak horrelako oldartze mugimenduak ezagutu zituen, eta ez zitzaion batere erraza suertatu giro haietan bere lana kaurrera ateratzea. Apaiztu zen urte berean, 1.835ean, hasi zen Espainian barrena Madrilgo Gobernuak bultzatutako Eliz Ondarearen Desamortizazio makurra. Isiltasun apaleko otoitzean geratu ginen xehetasun historiko guzti horiek entzun ondoren.

 

Seva: ilunabar euritsua eta hotza zela, heldu ginen herrixka izandako eta nagusiki ere horrela dirauen herri honetara. Hemen ohartu zen A. Claret bere predikazioak jendearengan zuen arrakasta itzelaz. Nola ez, predikazioan aritzeko erabakia hartu zuen. Hemengo eliza ere oldartze eta iraultza sozialen erasoa jaso da. Aldareko erretaula historikoa galdurik dago, eta ezker alboko horman plaka batek dio A. Claret-ek bertan itzal handiko sermoia emana zuela.

 

Sta. Eugènia de Berga: hiru abside dituen eliza erromaniko ikusgarria. Parrokoak eman zigun harrera eta lehenengo azalpenak. Duela hamarkada batzuk izandako zaharberritze eta hobetzearen berri agertu zuen. Harrizko labe-bobedak itxura bikaina ematen dio barne eraikuntzari. Zer esanik ez kapiteletako irudiak. Bataio pontean Andres Solà klaretar martiria bataiatua izan zen. Bezperak gogotsu errezatu genituen giro erromaniko bezain hotza honetan.

 

Gaueko zortziak zirela hartu genuen Vic-erako itzulera bidea. Afal ondoren, ez zen beste ekitaldirik izan.

 

 

Urtarrilak 4, ostirala

 

Goizeko lehen ekintza gisa, Gorespenak zortzietan hasi genituen Kongregazioa sortutako gela aurrean, Vic-eko klaretar museo barnean. Horma batean, sortzaile kideen argazkiak: Xifré, Sala, Vilaró, Clotet

 

Gosaldu bezain laster, autobusean Sallent-era abiatu ginen. Bidean A. Vilarrubias-ek Sallent-eko jaiotetxean azken aldian egindako moldaketen berri eman zigun: 60ko hamarkadan eraikitako eliza modernoa, orain sortutako museoa, kanpoko hormen atontze berria, ikastetxea ixtea. Kataluniako artista ospetsu batzuk dira bertan esku hartu dutenak.

 

Herrian sartzen ari ginela, herri honek dituen kontraesanak aipatu zizkigun: tradizio kutsua eta bestalde mehatzetara etorritako kanpotar langileriaren maila askotako pobrezia. Langileria horrek herrian antiklerikalismoa zabaldu izan du. Erlijioaren aurkako jarrerak ez dira orain gutxi sortutakoak. A. Claret-ek berak ezagututako jarrerak dira. Bere aitak Vic-eko gotzainaren zergak kobratzen zituelako, familia osoa gaizki xamar ikusia zen. A. Claret-ek ongi aski zekien horretaz, eta aipagarri da bere herrira gutxitan joaten zela. Hala ere, bertoko parrokian egon zen apaiz lanetarako izendatua. Baina ez denbora asko…

 

Autobusetik ikusi ala, Sallent herri berezia iruditu zitzaigun, artisauen bizileku izandakoarena. Zuzenean Claret-en jaiotetxera abiatu ginen. Eraikina kanpotik, udaletxe hormatik, begiratzeari eman genion. Enparantza horretako etxe bateko balkoian plaka batek dio A. Claret-ek handik sermoia eman zuela Madrildik erreginarekin egindako bidai batean.

 

Jaiotetxean, etxeko nagusi den A. Costa-k eman zigun harrera. Lehendabizi elizaren ezaugarri eta aldaketa historikoak azaldu zizkigun. Eliza egiteko etxea erosi behar izan zuten. Leihoetako beirateen esanahia, arte modernoak eliz barnean adierazten duen mezua… Gero kafea hartzeko tartea izan genuen, hamaiketako eskergarria suertatu zitzaiguna. Museoaren hiru solairuak ikustatu genituen ondoren: Sallent historikoa, A. Claret-en hainbat gauzakiak. Ikus-entzunezko emanaldi batetan Claret-ek duen oihartzun espirituala begietsi ahal izan genuen. Bisitaldiari amaiera emateko, oihalgintzari eskainitako solairua. Klaretar Kongregazioa oihalezko sare zabala bezala; munduan barrena luzatua, kultur desberdinetan sartua...

 

Sortetxean egindako azken ekitaldia meza izan zen, Fran Urrutia eta Juan Martin Askaiturrieta klaretar apaiz gazteak buru zirelarik. Bikain egin zuten biak, berezko duten begirune eta goxotasunez. Guztiontzat meza atsegina.

 

Costa Sallent-eko parroko denez, parrokiara abiatu ginen alde zaharreko kaleak zeharkatuz. Aurreko enparantzan, erdi-erdian, herriak bere seme ohoretsuari eskainitako eskultura neo-modernista eta ikusgarria: Claret eserita ageri da, haur bati katekesi dotrina maisuki irakasten.

 

Parroki eliza handia da, gerrate zibila ostean -40ko hamarkadan- berreraikia. Lehen txikiago zena, planta zein altueraz bikaina da. Ezbairik gabe, herriko eraikinik oparoena. Barrutik ere ikusgarria. Bobeda zabalekoa, aldenik alde. Ongi margotua. Aurreko aldarean alabastrozko tenpletea. Eskumako horman frantziskotarren estiloko erretaula zaharra, guztiz ikusgarria bere erdi tamainan. Elizaren atzeko sarreran herrialdeko ermita eta elizen maketak, eta alboan jaiotza pare bat.

 

Parrokia bisitatu ondoren, atzealdeko eraikinean dagoen bilera gelan izan zen otordua. Catering zerbitzuak bazkari gustagarria jarri zigun mahai gainean, gustura bazkaltzeko hain zela. Kanpora irtetean taldeko argazkia enparantzan atera eta autobusera igota Montserrat-eko bidea harzeko. Montserrat gainera iristeak ez zuen luze egin. Errepideko bihurguneak ez ziren zail gertatu Izurieta enpresako Carlos autobus txoferrarentzat. Montserrat-en arratsaldeko bi ordu luze egin genituen. Zazpiak eta laurdenean eliz basilikan Bezperak, gregoriano eran bertoko monjeek abestuak. Amaitu ondoren etxera itzuli ginen, eguneko kanpo ekitaldiak bukatutzat emanez.

 

 

Urtarrilak 5, larunbata

 

Gorespenak eta meza Kongregazioko sorrera gelan ospatu ziren, A. Joseba Kamiruaga eta Txileko klaretar bat buru egin zutela. Beste egunetan bezala, Aitor Kamiruagaren ahots sendoak abesten lagundu zigun.

 

Gosaldu ostean, autobusera igo eta tarteko hiru geldiuneak eginez arratsaldeko lauretan Iruñako Larraonan jaitsi ziren lehenengoak. Jarraiko geldiuneak Agurainen eta Bilbon izan ziren, Askartzan erromesaldi bidaia amaitutzat emanez.

 

A. Vilarrubias-en eskutik asko ikasteko aukera paregabea izan dugu denok. Claret-ek bizitutako giro eta baliabide historikoak ulergarriago zaizkigu orain. Horretan datza benetako ezagutza: gertakizunak testuinguru historikoetan kokatzean. Gaur egun datuen ugaritasuna dela eta, ez da aldi berean kokapen historikoaren ezagutza lortzen. Oraingoan bertatik ezagutu dugu Claret-en sorterria eta gizartea.

 

Itaka-rako bidaia bezain interesgarria izan da. Baina, jada itzulera ere egina dugu…

 


 

Inprimatu  Bidali posta elektroniko bidez 


Castellano 
Euskara 
Nortzuk gara
Ongietorria
Claret Aita
Mariaren Bihotz Garbia
Gure historia
Non gaude?
Klaretar agirien liburutegia
Gobernu taldea
Klaretar Sendia
Claret Gaur
Aita Claret-en eragin espirituala Euskal Herrian
Hezikuntza
Heziketa iraunkorra
Heziketa taldea
Hezikuntzarako materialak
Proclade Yanapay
Nortzuk gara?
Helburuak
Balioak
Erakundea
Proclade Yanapai animazio taldea
Espiritualitatea
Igandeko Meza
Liturgia materialak
Claret Aitaren jaiotzaren bigarren mendeurrena
 Hasiera  Kontaktu   Orria gomendatu  Hasierako orri gisa jarri 
Copyright © 2005 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz v 3.1