PROBINTZIAKO BILTZARRA

PROBINTZIAKO BILTZARRAREN BERRI


 


2007eko Urtarrilaren 2tik 5era


 


Arratsaldean zehar heldu ginen Biltzarreko partaide gehienak. Gelak izenpetuak zeuden, etxe barnea berotua, ikastetxerako pasabideak ezik. Batzar gela eta kapera, epeldurik. Harrera atsegina eman ziguten, zer esanik ez Josu Sanz anaiak.


Urtarrilaren 2an geunden eta arratsaldeko zazpiak eta erdietan bildu ginen bestetan bezala Leioako Askartza - Claret ikastetxeko liburutegia batzar gela gisa erabiliz. Aita Miguel Irañeta goizean zendu zela eta, Aldapan geratu ziren anaidi horretako bi partaideak. Aita Nagusi Orokorra ere ez zen oraindik gure artean. Guztira 30 partaide. Nagusi Probintziala den Joseba Kamiruagak otoitza laburra ondoren Biltzarraren helburu eta prozedura aurkeztu zituen. Bakoitzaren mahaian zegoen paper bildumaren aurkezpena ere egiten zuen. Aske eta abegi onez mintzatzea eta besteen esanak entzutea eskatu zuen.


Bezperako otoitzaldia eta afariarekin eman zitzaion amaiera egun honi.


 


Urtarrilak 3


Eguna Gorespen otoitza patxadatsuaz hasten dugu.


Goizeko aztergaiak “klaretarra” eta “klaretar izaera” dira. Aurretik bereizitako taldetan lan-hari erabili da: bildu, txostena irakurri, eztabaidatu eta proposamenak adostu. Ondoren, atsedenaldia. Batzar gelara itzultzean Nagusi Orokorra den Aita Josep Mª Abella han da. Agur-aldi labur bat eskaini ostean Nunc aldizkarian agertutako albistea zuzentzen du: Biltzarrean ez da “buru” izango, partaide baizik. Lanak bere harian jarraitzen du. Taldeetan landutakoa aurkezten da. Esandako guztia Nagusi Probintzialak idatziz hartzen du. Idatzitakoa denon aurrean irakurri eta iritzi-aldi bat zabaltzen da.


            Berdin ekiten zaio “klaretar espiritualtasuna” bigarren gaiari. Taldeek euren iritziak agertu eta Josebak idatziz jasotzen ditu Biltzarra aurrean irakurriz. Guzti horrekin galde-erantzun aldi zabala bideratzen da.


            Jarraian atseden unea, bazkaria eta lo kuluxka egiteko aukera. Bazkarian Aita Elizalderi zorioneko abestia eskaintzen zaio urteak betetzen dituelagatik. Arratsaldeko saioa batzar gelan hasten da. Gaia “Probintziarako zirriborroa”, goizeko lan-aria berdinaz. Taldeetan banatu eta txostena irakurri eta proposamenak adosten dira. Arratsalde hasieran anaidietako nagusiak Iruñera joan dira Aita Miguel Irañetaren hileta elizkizunean partehartzera. Beraz, partaide gutxiago Biltzarrean. Aita Patxi Mugertzak batzarra utzi izan behar du ondoezik aurkitzen delako.


            Arratsaldeko seiak eta erdietan batzar gelan gara taldeen azterketa elkar artean jarri eta goizean bezala elkarrizketan jarduteko. Azalpenak, galderak eta iritziak trukatzeko aldia. Elkarrizketa bizia sortzen da. Nagusi Orokorrak ikuspegia zabaltzea eskatzen du Probintzia Kongregazio esparruan kokatzeko. Eukaristiarekin ematen zaio amaiera saioari.


            Afal ostean bingo jolas zalapartatsua antolatu da, sari desberdinez buruuta: eskolarako erabilgarriak, kolonia botilatxoak eta libururen bat.


 


Urtarrilak 4


Batzargela beteago ageri da. Ikastetxe eta bestelako ekinetan gurekin lankide diharduten 15-16 sekular etorri direlako. Aurreko egunetan bezala, aurkezpenarekin hasi eta txostena lantzen da. Oraingoan “Misio Partekatua”, klaretar anaidi eta sekularren artean aurrez prestatua. Talde bakoitzean sei klaretar eta bi sekular beste gaietan bezalako ekinean aritzeko: irakurketa, eztabaida eta bost zeregin adostu. Atsedenaldia ondoren, batzargelan landutakoa azaltzen da. Joseba Kamiruagak proposamenak biltzen ditu. Elkarrizketa aske eta bizia partekatzen da, batez ere sekularren batzuen eskutik. Nagusi Orokorrak ere partaide gisa hitz egiten du. Hori nabarmen utzi nahi izan du.


            Otorduan solasaldi atseginean jardun eta arratsaldeko lauak eta erditan klaretarrak soilik biltzen gara Aita Abella hizlari dela. Kongregazioaren erronkak eta aldaketak ditu mintzagai. Bere hitzaldi honen helburua gure ikuspegia zabaltzea dela argitzen du, Kongregazioa Ekialdera eta Afrikara zabaltzen ari dela jabe gaitezen. Hau da, pobre eta garapen-bidean diren nazioetan. Hasieratik garbi utzi nahi izan du ez dela “agenda ezkutu batekin etorri. Kapitulua ezkero landu den zereginetako bat kultura aniztasunean batasuna zaintzea izan dela. Izaera sendotu behar dela. Gai honetan zioen Konstituzioek, jarraipen ebanjelikoaren zehaztapena direnez, gure bizitza egitasmoa finkatzen dutela. Hari horretan, Vic-en egituratu den zerbitzua sendotu egingo da.


Aurkezpena amaituta galdera ugari sortu da. Ez da hemen horren laburpenik emango. Gero une luze geratu da kirola eta atsedenerako, norberaren aukerara. Iluntzeko zortziak eta erdietan Gorespenak. Afal ostean, beste bingo saio lehiatsuaz amaitu dugu eguna.


Urtarrilak 5


 


Gorespenekin eman zaio hasiera egunari. Goizeko lanaldia aurreratu egin da, hamarrak laurden gutxian. Aztergaia aurreko egunetako proposamenak berrikustea da, lan-haria berdinez: irakurketa, eztabaida eta taldeetan adostea, gero batzargelan biltzeko.


Nagusi Orokorrak Kongregazioak etorkizunera begira 2008ko Kapitulu Orokorrean eztabaidatzeko prestatzen ari diren gai berriak aipatzen ditu. MCH berritu nahi da nolabait, berritasun hauek kontutan izanik: Kongregazioa Asia eta Afrika aldera orekatzea, kultura aniztasuna eta beste erlijioekin elkarrizketan jardun beharra.


Atsedena ondoren berriro batzargelan. Azken saioaren mintzagaia Ipar Potosiko Misioa da: dagozkion erronkak eta errealitatea. Txostena Joseba eta Aitor Kamiruaga artean irakurtzen dute. Galdera eta iritzi-emate txanda ondoren.


Biltzarra amaitzeko meza ospatzen da, Joseba Kamiruaga Nagusi Probintzialak buru egiten duela. Bazkarian Carlos Pagolari zorion abestia eskaintzen zaio bere urtebetetzean, eta arineketan hasten da guztion irteera iluntzea hurbiltzear delako. Elkar agurtu eta denok anaidietara bideratzen gara. Azaldutako proposamen adostuak anaidi bileretan berraztertu beharko dira. Beti lez, batzuk aburu onez geratu dira, ez hainbeste beste batzuk erabilitako gaiengatik, lan-hariagatik edota aurkezle izandakoengatik. Ez dagokit niri hemen Biltzarraren balioa neurtzea. Jaunak onetsi gaitzala gure lanean!


 


 


Carlos Pagola Echauri