KARIPUYO

KARIPUYO


 


1. Karipuyo


Izen bereko ibai ondoan den herri txiki bezain xarmanta da. Haran erdian eta mendixka txikiz inguratua dagoenez, hotz-bero epelekoa da. Biztanleria pobre izanik abegikorra da. Potosi Lurraldeko Alonso Ibañez eskualdeko bigarren zatian buru egiten du.


Udalerriak 11.500 biztanle ditu, 84 bizilekutan banatuak eta gizon-andreen artean kopuru berdintsu. Zabaleran 700 Km koadratu inguru. Altueran 3200 m. eta 4200 m. artekoa.


Karipuyo Udalerria landa eremu da, barruti txikiz osatua. Artoa, patata eta baba lantzen dira… Fruituen artean nabarmengarri dira muxika eta tuna pikua.


Abeltzaintza maila urria: llamak, ardiak, zezenak, astoak eta zerriak.


 


2. Klaretarrak


1974 urtean finkatzen da A. Jose Antonio Bustamante. Eskualdeko pastoraltza lanetara emana, hezkuntza arloan ere beretik jartzen du eskualdeko haurrentzat barnetegi txiki eta xumea antolatuz. Bere lan nagusiena herrixkak ikustatzea zen, oinez beti, ibiltari ona zelako.


1983 urtean A. Juan Ramon Alcalde jartzen da bizitzen, goialdeko Janqo Janqo herrixkan, 4100 metro altueran. Ipar Potosiko Misioaren urte haietako eraikuntza lanen arduraduna izan zen Juan Ramon. Goialdeko herrixken pastoraltza eta bisitaz gain, Karipuyo eta Sacacako udalerrietan katekista aimaren prestakuntzaz arduratu zen.


Lau urte geroago, 1987an, A. Samuel Saldañak A. Jose Antonio Bustamante ordezkatzen du Karipuyo udalerriko behealdeko pastoraltzan, lan bizia eginez katekisten sustapenean eta inguruko landa herrixkak bisitatzen.


1993 urte amaieran A. Jesus Maria Oset heltzen da Karipuyora. A. Juan Ramonen heriotzak (1993ko urriaren 25ean) eta A. Samuel Kolonbiara joateak bere esku uzten du urte batzutan Karipuyo udalerriko pastoraltza eta bertoko zein Sacaca-ko katekista aimarekin lana. 2001 urte erdialdera Ordeko Nagusi eta Gotzain Ordeko izendatua da, 2004ko uztaila arte.


2001 urtean Santiago Urkijo Anaia dator Karipuyora. Hiru urte egon zen batez ere herriko katekesia landu, Nekazal Egoitzan lagundu eta herrixketako katekistekin arituz. 2004 urtean Acaciora da bidalia.


 


3. Beste aipagarriak


Karipuyoko misiogintzan ezin ahazteko da hainbat laikoek egindako lana eta eskualde honen alde hutsaren truke emandako bizitzako urte batzuk. Esan daiteke 1993 urtea geroztik klaretarrak eta laikoek elkarte berean bizi izan direla, batzuk espainiarrak, boliviar besteak. Bidezko da izenak aipatzea.


1993ko Martxoan Miren Elejalde Donostiatik dator eta Karipuyoko “San Antonio Maria Claret” Nekazal Egoitzako lehenengo zuzendari da. Zazpi urte egon zen udalerrian bizitzen.


Maria Helena Torrico urte berean dator Cochabambatik, Barnetegian lagundu eta “Eduardo Abaroa” Heziketa guneko irakasle gisa. Lau urte egin zuen.


Fernando Soriano, Espainiatik etorria, Karipuyon 1985etik 1989ra egon zen.


Leire Brusau Donostiatik etorria, 1998 urtean egon zen.


Beatriz Menak, Donostiarra ere, 1999 eta 2000 urtetan Miren ordezkatu zuen Nekazal Egoitzako arduradun lanetan.


Juliana Lujok, Toro Torokoa, 2000 eta 2001 urtetan egiten du lan Karipuyon.


Sandra Conde, San Pedro Buena Vistakoa, 2001 urtetik gaurdaino Karipuyoko “San Antonio Maria Claret” Nekazal Egoitzako arduradun dihardu.


Cesar Condorik, Cochabamban urte batzuk ikasi ondoren, 2006ko otsailean hasten du bere lana Karipuyon.


 


4. Ebanjelizatze lana


Potosiko Elizbarrutiarekin sinatutako hitzarmenean, gure ekiteko nagusia eskualdean bertoko eliza sustatzea da. Honek bertoko ebanjelizatzaileak eskatzen ditu. Urte asko dira batez ere katekisten prestakuntzan dihardugula, urtero sei ikastaro eginez. Gero beraiek egiten dute lan beren herrixketan.


Katekistek landutako herrixkak apaizak urtean bi edo hiru aldiz ikustatzen ditu. Ikustaldian gai garrantzitsuak aztertu, jendearekin harremanak eta eukaristia zein beste sakramentuak ospatzen dira.


Katekisten lana leku guztietan gauzatzen da. Urtero Ipar Potosiko parrokietako katekisten topaketa antolatzen da.


Karipuyon astero lantzen da haur eta gazte katekesia, bertara Ikastetxeko ikasle asko joaten dela.


Heziketa erlijiosoa gehien bat Karipuyoko ikastetxe eta Nekazal Egoitzan lantzen da.


 


5. Heziketa lana


Ipar Potosiko hezkuntzak hiru arazo nagusi ditu: irakasleriaren prestakuntza urria eta konpromiso eza, eskola uzte ugaria eta nesken parte hartze urria. Egoera horrek heziketa lanak biltzera eraman gaitu: 560 ikasleko Eduardo Abaroa Heziketa Gunean, 96 ikasleko Nekazal Egoitzan eta 128 partaideko helduentzako Cetha Karipuyo heziketa gunean.


Heziketarako hautu horrek “San Antonio Maria Claret” Nekazal Egoitza, “Eduardo Abaroa” ikastetxea eta “Claret” ikastetxea eraikitzera eraman gintuen. 


 


Argazkiak ondoko estekan aurki ditzakezu